XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egonkortasunerako Hitzarmenak gai politikoak baldintzatuko ditu Dublingo goi bileran

Europako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuen gailurra egingo da gaur eta bihar Irlandako hiriburuan

Dublinen gaur Europako Kontseilua (EB-ko estatuburu eta gobernuburuen goi bilera) bildu baino egun batzuk lehenago Frantziak eta Alemaniak egindako goi bileran Europako Batasuna sendotzeko plana hitzartu zuten Dublingo zitari begira.

Baina azken hilabeteetan euroaren etorkizuna ziurtatzeko bultzatu nahi izan den egonkortasun hitzarmenak gai politikoak bigarren mailan utzi ditu.

Erredakzioa / Donostia

BI urte falta dira Europako moneta bakarra merkaturatzeko, eta horri begira Europako Batasuneko hamabost kideen ardura nagusia etorkizuneko moneta horren, euroaren, egonkortasuna da.

Alemaniak, Europako lehen potentzia ekonomiko eta moneta batasunaren benetako motoreak, euroa bere markoa bezain indartsu eta egonkorra izango dela ziurtatu nahi du.

Horretarako, Bonn ohartu da ez dela nahikoa 1999an euren dirua euro bihurtuko duten herrialdeak zuhurtasun handiz aukeratzea, baizik eta gainera beharrezkoa dela aurrerantzean herrialde horiei aurrekontuetan diziplina gogorra exijitzea.

Helmut Kohl kantzelariak astelehenean Nurenbergen Jacques Chirac Frantziako lehendakariarekin egin zuen bileran ez zuen lortu Parisek bat egitea Theo Waigel Finantza ministro alemaniarraren proposamenarekin.

Frantzia, EBko herrialde gehienak bezala, Waigelek Egonkortasunerako Hitzarmenean proposatutako neurri gogorren aurka azaldu da.

Besteak beste, Alemaniak proposatu du Europako Banku Zentralak gogor zigortzea Moneta Batasunaren hirugarren fasean sartu diren herrialdeak beren defizita % 3tik gora badute.

Alemaniaren eta beste herrien arteko ezadostasunak direla eta, litekeena da Dublingo goi bileran egonkortasunaren gaineko akordiorik ez lortzea, eta hori porrot bezala ikusiko litzateke eta Europako Kontseiluan har litezkeen beste erabakiak ilunduko lituzke.

Kohlek eta Chiracek, astelehenean egin zuten bileran, Europako Batasuna politikoki indartzeko plana hitzartu zuten.

Plan horren puntu nagusia da Europako Kontseiluan erabakiak hartzeko ahobatasuna alde batera utzi eta gehiengo kualifikatua aintzat hartzea.

Herrien beto eskubidea ezabatu nahi da ahal den guztietan, eta horregatik ahobatasuna gai zehatzetara eta ahalik eta murritzenetara mugatu nahi dute.

Kohlen eta Chiracen plan hori hiru mailatan eraman nahi dute aurrera, Barne eta Kanpo arazoetan eta instituzioen eraberritzean.

Barnera begira, eginbehar nagusia da delinkuentziaren, mafiaren eta terrorismoaren aurkako borroka areagotzea, Kohlek eta Chiracek esan zutenez; eta horretarako Europako Gune Judiziala osatu beharra dagoela nabarmendu zuten, polizia eta epaileen kolaborazioa bultzatuta.

Kanpo Harremanetarako eta Segurtasunerako Kohlek eta Chiracek malgutasun handiagoa nahi dute erabakiak hartzeko orduan eta Europako Atzerri ministro gisa lan egingo lukeen erakunde bat sortu nahi dute.

Instituzioen erreformari dagokionez, EBn herrialde gehiago sar daitezen moldatu beharra ikusten dute, kide gehiagorekin oraindik gehiago burokratizatu beharrean malguago eta herritarrengandik gertuago egon daitezen.

Europako Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak, joan den ekainean Florentzian egin zuten goi bileran.